Berdintasunaren sentsibilizazio kanpaina – Soldata arrakala

Berdintasunaren eta Enpleguaren Behatokiaren arabera, gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala da lan bera edo balio bera duen lana egitearen truke gizon eta emakumeek jasotzen duten ordainsarian dagoen aldea. Estatistikako Institutu Nazionalaren (EIN) arabera, 2018an, emakumeen urteko soldata ohikoena 15.484,40 eurokoa zen; aldiz, gizonezkoen urteko soldata 18.470,80 eurokoa zen. Urteko 2.986,40 euroko alde horrek % 16,2ko genero mailako soldata-arrakala erakusten du. Soldata-arrakala hori lanaldi osoko urteko soldatetan (% 10,5) eta lanaldi partzialekoetan (% 14,3) ere ikus dezakegu.

Emakumeen eta gizonen soldata-arrakala orduko soldataren arabera kalkulatzen badugu, lanaldi osoa kontuan hartuta, soldata-arrakala % 6,7koa dela esan dezakegu. 2018an, emakumeen orduko soldata 11,9 eurokoa zen; aldiz, gizonen orduko soldata 12,8 eurokoa zen. Bestalde, lanaldi partzialari dagokionez, soldata-arrakala % 12,6koa da.

Datuak adinaren arabera banatuta, generoaren soldata-arrakala adinarekin igo egiten dela ondoriozta dezakegu. 25 eta 34 urte artean, soldata-arrakala % 4,6koa da eta ehuneko handiena 55 eta 64 urte arteko langileen artekoa da: % 18,2koa.

Jarduera ekonomikoko sektoreei dagokienez, genero mailako soldata-arrakala handienak osasun-jardueretan eta gizarte-jardueretan (% 22,3), handizkako eta txikizkako merkataritzan, ibilgailuen konponketan (% 19,8) eta jarduera profesionaletan, zientifikoetan eta teknikoetan (% 18,7) daude.

Baliteke pertsona askok pentsatzea gizon eta emakumeen arteko soldata mailako aldeak ez direla existitzen; izan ere, gizon eta emakumeen berdintasunerako eta diskriminaziorik ezarako eskubidea arau honek aitortzen du: Espainiako Konstituzioko 14. artikulua. Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako 2007ko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak tratu- eta aukera-berdintasuneko printzipioa bermatzen du enplegurako sarbidean, prestakuntzan, promozio profesionalean eta lan-baldintzetan, ordainsariekin eta soldatekin lotutako baldintzetan barne. Langileen Estatutuak ere jasotzen du lan baten prestazioak sexu-arrazoiak eragindako inolako diskriminaziorik gabe ordaintzeko enpresaburuak duen derrigortasuna, balio berdineko lanak barne. Araua 2019ko martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege-Dekretuak, enpleguan eta okupazioan gizonen eta emakumeen tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko presazko neurriak biltzen dituenak, aldatu zuen. Era berean, gauza bera xedatzen du 2020ko urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuak, gizonen eta emakumeen ordainsarien berdintasunari buruzkoak.  Arauak gizonen eta emakumeen artean genero mailako soldata-arrakala ezabatzeko ordainsarien gaineko gardentasunerako tresnak jasotzen ditu.

Genero mailako soldata-arrakala faktore sozial eta ekonomiko batzuen emaitza da eta, horren eraginez, emakumeek ezin dute soldata mailako berdintasunik izan gizonezkoekin alderatuta. Emakumeek ordainsari altuak dituzten sektore ekonomikoetan eta goi-karguetan duten ordezkaritza gabeziarekin lotuta dago. Emakumeak izaten dira lan-baldintza prekarioak eta behin-behinekotasun handia dituzten postuak betetzen dituztenak. Era berean, etxeko esparruan eta zainketen arloan dagoen erantzunkidetasun gabeziaren isla ere bada. Gizon eta emakumeen arteko alde sozial eta ekonomiko horiei guztiei aurre egin arte zaila izango da aldaketa horiek guztiak emakumeen ordainsarietan islatzea.

Jaitsi