Aurten ere, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Egun seinalatu honetan, emakumeek eta neskek zientziaren eta teknologiaren arloan betetzen duten funtzioa aitortzen da, eta haien erabateko parte-hartzea sustatzen da.
Urgatzik garrantzitsutzat jotzen du genero-berdintasuna arlo guztietan sustatzea, baita zientzian eta teknologian ere. Beharrezkoa da talentu guztien bidez jakintzak aurrera egiten laguntzea, eta, alde horretatik, uste dugu funtsezkoa dela gero eta emakume gehiagok esparru horietan lan egitea ikuspegi, balio eta egiteko modu berriak ekartzeko.
Egunak berak kristalezko zabaiari, segregazio horizontalari eta genero-estereotipoei buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu.
- Kristalezko zabaia: beharrezko prestakuntza eta gaitasuna izan arren, emakumeei lidergo-postuak lortzea edo beren karreretan maila jakin batetik haratago aurrera egitea eragozten dieten oztopo ikusezinak dira. Muga horrek emakumeentzako aukera profesionalak murrizten ditu.
- Segregazio horizontala: jarduera ekonomikoaren eta lanbidearen araberako gizon eta emakumeen banaketa da. Horrela, feminizatuak eta maskulinizatuak izateko joera duten sektoreak desberdinentzen dira. Bereizketa horrek indartu egiten du zenbait alor gizonentzat emakumeentzat baino egokiagoak diren pertzepzioa.
- Genero-estereotipoak: gizonen eta emakumeen rolei eta gaitasunei buruzko usteak eta aurreiritziak dira, aukera profesionaletan, zereginen esleipenean eta arrakasta-itxaropenetan eragina izan dezaketenak.
Emakumeek teknologian eta zientzian egiten dituzten ekarpenak nabarmentzea eta neskak esparru horietan karrera egitera bultzatzea lagungarria da pertsona guztientzako etorkizun inklusiboagoa, bidezkoagoa eta anitza eraikitzeko.